BIZITZA
Patrick Süskind Ambach herrian jaio zen, Munichetik hurbil. Wilhem Emanuel Süskind kazetari ezagunaren seme zaharrena da.
1968tik 1974ra historia ikasi zuen Municheko eta
Aix-en-Provenceko unibertsitateetan. Frantziako hegoaldean zebilela, informazioa bildu zuen Perfumea izeneko eleberrirako.
1980 Hamarraldi horretan gidoigile moduan egin zuen lan telebistarako, “Kir Royal” eta “Monaco Franze” saioetan.
1981 Kontrabaxua argitaratu zuen, antzerki bakarrizketa bat, eta sekulako arrakasta izan zuen. Euskal Herriko antzokietan euskaraz ere antzeztu izan da.
1985 Perfumea idatzi zuen, hiltzaile baten historia. Eleberri horrekin iritsi zen ospearen gailurrera. Dagoeneko 50 hizkuntzatara itzuli da, tartean euskaraz, eta milioika ale saldu ditu.
Tom Tyker zine zuzendariak ere film bat egin zuen eleberri horretan oin hartuta.
1986 Frankfurter Allgemeine Zeitung egunkariak sari bat eman zion lehen nobela onenagatik, baina berak ez zuen onartu, esanez ez zuela saririk hartuko bere idatziengatik.
1987 Usoa argitaratu zuen, eta geroago Sommer jaunaren historia, eta biek oso kritika onak jaso zituzten. Azken aldian, berriz, Hiru historia eta hausnarketa bat argitaratu zuen, eta gidoi bat Rossini filmerako.